XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GABON

ILLUNTZAR'ek Idatzia

NERE gorputz zarra xuspertu egiten zait Eguberri bixtan, eta alakoxe indar berria sumatzen dizut nere zainetan.

Mundu guziari berdin gertatzen zaiolakoaz ziur nago.

Baño zartzaroak jo gaituztenei areago.

Euskaldunak beti ditugu pakezko gogorakizunak.

Eta bai alda mundu ontan Eguberri jayak añean guregan pake-antzia sortzen duanik?

Ortik datorkio agian euskaldun agureari Eguberri jayen maitasuna.

Pentekoste ondoko 24'gn. Igandez otoi egin oi degu Meza sarreran: Naigabezko ez baña pakezko gogorakizunak ditut Nik, diago Jaunak.

Dei egingo didazute ta entzungo zaituet eta zuen atzerripekoak ekarriaziko ditut nondinai.

Gure erria... atzerrialdia... etxemiña.

Eta iñoiz baño gartsuago dezute euskaldun agurea Eguberri aro ontan Jainkoari arrenka, atzerripetik euskaldun semeak beren etxera eraman ditzan!

Bagabiltz bagu mundu bazalean gure etxea an Euskalerriko bazterrean daukagunean!

Astungarri da nornairentzat atzerrialdia ¡baño zenbat areago agureentzat! Auxe ola izanik, Eguberri jayok kasi-kasi mingarri zaizkigu: bestetan baño zorrotzago sentitzen baitegu etxemiñaren deadarra eta eztenkada.

Ator mutil etxera dio abesti zarrak.

Ikusiko duk aita barrezka.

Baño zer espero dezake Eguberri jai oietan iñun seme-alabarik gabe bakartasun gorrienen bizi zaizun agureak, bere egunak atzerripean dijoazkiolarik?

Eta alare, nere gorputz zarra xuspertu egiten zait Eguberri bixtan.

Pakea dizut maite, pake barnean ikusten dizut nere eta erri guzien zorion-atsegiña.

Eta ez al dira Eguberri jayak itxaropen iturri? Aintza goian Jaunari askigabea, eta Bere naia ontzat etsitako lurtarrei... pakea.